Txirla handi
Txirla handi | |
---|---|
Irudi gehiago | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Mollusca |
Klasea | Bivalvia |
Ordena | Veneroida |
Familia | Veneridae |
Generoa | Ruditapes |
Espeziea | Ruditapes decussatus Linnaeus, 1758 |
Txirla handia (Ruditapes decussatus, Tapes decussatus edo Venerupis decussata) molusku kuskubiko bat da, Veneridae familiakoa. Gehienetan Txirla izen arruntarekin ezagutzen da, Euskal Herrian ohikoena delako[erreferentzia behar].
Kuskubiko espezie ugariren antzera, inguru kalitatearen organismo bioindikatzailea da. Produktu kimikoen toxikotasuna neurtzeko modelo esperimental zehatzak dira[1].
Deskribapena
Izenak adierazten duen bezala tamaina handiko bibalbioa da, 6 eta 7 cm arteko luzera izan ohi du[2]. Ildo erradial ugari ditu, bereziki nabarmenak maskorraren ertzean. Ildo hauek perpendikularki zeharkatuz hazkuntza-lerroak agertzen dira eta maskorrari sare egitura ematen diote.
Hazten den sustratuaren arabera oskolaren kolorea desberdina izaten da aletik alera. Zurixka, horixka edo arre koloreak hartzen ditu beti ere. Barnealdea zuria da, tono horixka batzuekin, eta unboaren aldera tono urdinxkak agertzen dira.
Bizimodua
Ura iragaziz elikatzen da, bertan aurkitzen dituen mikroorganismoak harrapatzen ditu. Horretarako gainerako bibalbioen antzera bi sifoi ditu, bata ura hartzeko eta bestea kanporatzeko. Hondartza eta estuarioetako hondo hareatsuetan barneraturik bizi da, eta sifoi luzeak dituenez asko barneratzen da, 15-30 cm artean. Horrek harrapariei ihes egiteko bakarrik ez, itsasbeheran eremu hezean jarraitzeko ahalmena ematen dio[2].
Ernalketa uretan gertatzen da. Txirlek oburuak eta esperma aldi berean jaurtitzen dituzte eta ernaldu ondoren larba pelagikoak sortzen dira, zooplanktonaren parte bihurtzen direnak. Tamaina bat hartzen dutenean hondo hareatsuetara erortzen dira eta bertan hazten dira[2].
Banaketa
Ozeano Atlantikoaren ekialdean aurkitzen da, Britainiar uharteetatik hasi eta Senegal arteko kostalde guztia hartuz. Mediterraneoan ere aurki daiteke baina urriagoa da[3].
Sukaldaritza
Oso aintzat hartuak dira sukaldaritzan, hala nola, euskal gastronomiako ttoroan eta legatza saltsa berdean erabiliak.
Hala ere, gehiegizko arrantza dela-eta, askotan Venerupis philippinarum espeziea erabiltzen da sukaldaritzan, antzekotasuna dela eta. Jatorria Filipinetan du, baina Atlantikoko gune batzuetan etxekotu da.
Erreferentziak
Ikus, gainera
- Txirla
- Datuak: Q2724656
- Multimedia: Ruditapes decussatus / Q2724656