Zirku

Artikulu hau ikuskizunari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Zirku (argipena)».
Zirku emanaldi baten iragarkia.

Zirkua ikuskizun artistikoa da, pailazo, malabarista, akrobata, mago eta ilusionisten emanaldiak eta animaliekiko erakustaldiak dituena, gehienetan talde ibiltari baten eskutik herriz herri eskaintzen dena. Antzinako Erromako zirkuetan egiten ziren ikuskizunetan du jatorria.

Zirkuaren historia

Zirku modernoa nahiko berria da, nahiz eta haren ikuskizun asko (akrobaziak, soka gainean ibiltzea, pailazoak, animaliak…) oso antzinakoak izan. Aspaldiko ohitura zen saltzaile ibiltariak herri batera iristean, ferietan eta, jendea erakartzeko ikuskizun bereziak egitea. Erdi Arotik aurrera, ijitoek Europan ikuskizun horien tradizioa atxiki zuten, herriz herri emanaldiak eskainiz. Merkataritza indartzen eta egonkorrago egiten hasi zenean, bi jarduerak, entretenitzekoa eta salerosketa, bereizten hasi ziren.

Nolanahi ere, XVIII. mendea arte ez zen egin ikuskizun mota guztiak ekitaldi bakar batean elkartzeko saiorik. 1768an, Philip Astley ingelesa ohartu zen indar zentrifugoari esker nahiko erraza zela zaldi gainean zutik egotea, zaldia zirkuluetan ibiltzen zen artean. Hura erakusteko leku itxi bereziak eraikitzen hasi zen. Halako eraikin asko egin zituen gero Europan zehar, eta laster hasi ziren beste batzuk ere horrelakoak egiten, Europan eta baita Ameriketan ere.

Zirkuaren lehen 80 urteetan, ikuskizun nagusia zaldiena izaten zen. Ferietan ibiltzen ziren jokalari ibiltariak, berriz, aukera berri bat ikusi zuten zirkuetan, eta bi moduek bat egin zuten. Europan zirku askok eraikin egonkorrak zituzten, eta oso izen ona zuten. Zirkuko familiek estatus berezia zuten, eta beren trebeziako ariketak belaunaldiz belaunaldi ikasten zituzten. Hala, oso ezaguna egin zen, esate baterako, Italiako Cristiani familia. Europako familia asko Persia eta India aldera joan ziren, eta Afrikan, Hego Ameriketan eta Australian ere laster sortu ziren zirku taldeak. XIX. mende hasieran, Isaac Van Amburgh piztiekiko ekitaldiak antolatzen hasi zen, geroztik ikuskizun nagusietako bat izan zirenak, eta Jules Leótardek aireko trapezioa asmatu zuen.

Gaur egun, zirku asko talde txikiak elkartuz sortu dira, eta hiri handietan egoitza finkoak dituzte.

Erreferentziak

  • Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/02/10 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q47928
  • Commonscat Multimedia: Circus / Q47928

  • Wd Datuak: Q47928
  • Commonscat Multimedia: Circus / Q47928